2012/06/17

Free as in freedom - software librearen lau harribitxi

Egia esan duela gutxi hasi naiz software librea erabiltzen. Apurka-apurka hasi naiz saltzeatzen, eta oraindik Windows-ek eta Microsoft-ek nire ordenagailuan leku handia (handiegia agian) hartzen duten arren, banoa pixkanaka pixkanaka mundu berri hori deskubritzen.

Halere, oraingo honetan ez nator software librea zein zoragarri denari buruzko parrafada bat kontatzera. Nahiko argi dago:
  •  Librea da, ez du menpekotasunik sortzen.
  • Doan da, beraz guztion eskura dago.
  • Irekia da, hortaz edonork molda dezake (bai eta itzuli ere).

Era berean, gaurkoan ez nator OmegaT eta Anaphraseus-i buruz hitz egiten, ezta Ubuntu, Linux, GNU edo Openoffice-ri buruz ere. Aski ezagutzen ditugu. Horren ordez, beste lau harribitxi proposatuko ditugu: Ccleaner, Stem-les, Apsic Xbench eta Winmerge. Ez dira laurak itzulpen prozesu batean preseski erabiltzekoak, baina guztiz erabilgarriak dira, zalantzarik gabe.

Hurrengoa gure altxor preziatua den ordenagailua txukun mantendu eta hark behar bezala funtzionatzeko baliagarria da. Ordenagailuko aldi baterako fitxategiak, aspaldian erabiltzen ez dituzun programak eta Interneteko cachea eta historia, besteak beste, garbitzeko eta egon daitezkeen sistemaren arazoak konpontzeko balio du CCleaner-ek.  Agian ez du zure arreta deituko programa honek, baina ordenagailua hondatu eta mundua bukatu egingo dela dirudienean, aplikazio hau erabili izana eskertuko lukete askok. ;)

Bigarrenez, Stem-les. Testu baten glosarioa osatzeko terminoak erausteko erabilgarria da, testu elebakar zein elebidunekin (.txt-n esportatuko memoriekin). Software honek arau estatistikoak erabiltzen ditu, termino adierazgarrienak aurkitu eta proposatzeko. Ostean taula gisa esportatu daiteke. Interfazea sinple-sinplea da eta erabiltzeko oso erraza. Momentuz, katalanez eta ingelesez besterik ez dago.  

Terminoak baditugu, itzulpena egin dugu eta orain glosategi hori errespetatu dugun eta itzulpen memorian kontraesanik, desberdin itzulitako segmenturik eta beste hainbat errore ez daudela ziurtatzeko unea da. Hona Apsic Xbench erabiltzeko aukera. Kalitate kontrolerako tresna honek, gainera hainbat formatu onartzen ditu (TAO pribatibo nagusienetako memoriak ere) eta emaitza bikainak ematen ditu. Agian ezagutu gabe, erabiltzen hasteko zailena (hala ere, hona bideo labur bat: http://www.youtube.com/watch?v=K5zS8DqxYzs) baina, nire ustez, erabilgarriena.

Eta azkenik, Winmerge, bi fitxategi alderatzeko. Batek esango du Word-ek dagoeneko horrelakoak egiten dituela, baina, zer egin behar dugu bestelako testu fitxategiak edo karpetak esku artean ditugunean? Oso argi markatzen ditu ezberdintasunak eta bertsio ezberdinetako dokumentuak konparatzeko aukera ematen du. Softwarea deskargatzeko orrian bertan dago erabiltzailearen liburuxka, halere, arin batean ikas daiteke erabiltzen.

Eta horixe da dena, momentuz. Horiexek izan dira, software librearen lehenengo lau harribitxiak (besterik aurkitzen goazen heinean aurkezteko asmoa dugu). Agian ez dizut ezer berririk deskubritu, edo agian bai, edo agian ez duzu une honetan tresna hauen beharrik izango. Dena dela, horrelakoak zabaltzeak pena merezi duela uste dut. Lasai deskargatu eta zabaldu, because they’re free as in freedom.

1 comentario: