2012/05/02

Munduko hizkuntzarik zailena



Bai, ulertzen dut gure hizkuntza ikastea horrenbeste kostatzea. Izan ere, berezia da gure hizkuntza, inondik ere. Berezia eta zaila. Bazenekien esanahi bat baino gehiago duten hitz mordoa ditugula? Gainera, erregistro mailaren arabera ere ez dugu hitz bera erabiltzen. Adibidez, hitz batek hiru aldaera eduki ditzake, batzuk formalagoak eta beste batzuk lagunartekoagoak. Ah! Eta badakizu zer gehiago? Esamoldeak. Halako pila bat ditugu gure hizkuntzan. Bai. Benetan oso hizkuntza zaila da gurea. Denetan zailena, hori diote.


Inori burutik pasatuko zitzaion, baina ez, ez naiz euskaraz ari. Edo ez naiz euskaraz bakarrik ari.

Azkenaldian sarri entzun dudan sermoia da aurreko hori. Konturatu naiz askok uste dutela euren hizkuntza bereziki zaila dela besteenarekin alderatuta. Hitz polisemikoak euren hizkuntzan baino ez dira existitzen. Baita erregistroaren araberako hitzen aldaerak, edota esamoldeak ere, hizkuntza horren ezaugarri bereizgarriak direlakoan daude.

Aurreko batean entzun nion ingeles bati denetan hizkuntza zailena ingelesa zela, adjektiboak izenen aurrean jartzen dituztelako. En fin.

Normalean hizkuntzekin lan egiten ez dutenen ahotik entzungo ditugu halakoak, eta, tira, ezingo gara gehiegi harritu. Baina atzerriko hizkuntzak ikasi eta halakoak botatzen dituenik ere bada; eta hor, ulertzen lanak.

Dena den, ez dut uste gehiengoaren iritzia denik. Izan ere, normalean kontrakoa pentsatzen dugu: gure hizkuntza erraztzat jotzen dugu, ez baikara haren (edo haien) zailtasunez ohartzen, ondokoari erakusten hasi arte.

Eta guzti horrekin zer esan nahi dut? Besterik gabe, ezin dudala jasan hizkuntzak euren zailtasunaren arabera sailkatzeko beharra. Gainera, badirudi urtero hizkuntza desberdin bati ematen diogula Munduko Hizkuntzarik Zailena saria: txinera dela, poloniera dela, alemana dela, are euskara bera ere. Hizkuntzarik zailena, zergatik? Zeinek dio? Eta, batez ere, zeinentzako? 


Eta ez gaizki ulertu, ez dut esan nahi niretzat suediera ikasi edo portugesa ikasi antzerako-parecido denik. Gaztelania dakidalako, portugesa errazagoa izango zait. Baina ez diot horregatik portugesari Munduko Hizkuntzarik Errazena titulua emango, besteak beste, ez dudalako nahi norvegiar bat, nik esandakoari jarraituz, portugesa ikasten hasterik, urtebetean lortuko duelako ustean, eta, batez ere, suediera errazago egingo bazaio.

Hizkuntzen zailtasunaren subjektibotasunari erantzun absolutuak ematen dizkioten zerrenden adibide bat hemen: hizkuntza zailen Top 10a

Euskarak zortzigarren postua lortu du, zorionak!

2 comentarios:

  1. Aurrekoan egon nintzen, hain zuzen, lagun batekin hizkuntza bataren eta bestearen zailtasunez hizketan. Egia da hizkuntzak horrela sailkatzea hutsala dela, are sailkapena unibertsal bihurtzea. Argi dago Top 10 hori ingelesaren ikuspegitik egina dagoela, eta inondik inora ez duela baliorik, ez bada hizkuntzen berezitasun zenbait azaltzen duelako.
    Izatekotan, norbere ikuspegitik, norbere gizarte eta kulturatik, norbere ama-hizkuntza jakiteak ematen duen begiradatik esan dezakegu hizkuntza baten ezaugarri hau edo beste zaigula ikasteko zailago, gehienetan ezohiko dugulako. Gisako zerrendetan ez dira, ezta ere, kognizioari dagozkion beste aspektu batzuk kontuan hartzen, adina, esaterako.
    Halere, denetan gorrotagarriena egiten zaidana da zailtasuna ez ikasteko aitzakia gisara erabiltzen denean. "Euskara ikasi? Buf, orain hastea ez, oso zaila da..." Baina ez da bene-benetan zailtasun maila ardura edo aitzaki, ondoren ahots hori bera ingelesa ikastera joanen baita.

    ResponderEliminar
  2. Guztiz ados zurekin. Normala da hizkuntza bat beste bat baino errazago ikasi dugula esatea, baina oso kontuan izatekoa da norbere ama hizkuntza, edo aurretik ezagutzen ditugun hizkuntzak. Ez da inolaz ere orokortu behar.

    Ni norbere hizkuntza gailendu nahian ibili beharrak sutzen nau, besteak baino zailagoa, ederragoa, aberatsagoa edo zaharragoa, eta, beraz, hobea dela esanez. Berdin-berdin zait hori dioena ingelesduna, gaztelaniaduna edo euskalduna izan.

    ResponderEliminar