2012/05/13

EIZIEren hitzaldia Gasteizko Letren Fakultatean


Datorren asteazkenean, maiatzaren 16an, EIZIEk hitzaldi bat prestatu du Gasteizko Letren fakultatean,13:00etan. Ekitaldiaren helburua elkartearen nondik norakoak ikasleengana hurbiltzea da (nor izan daiteke elkarteko kide? Zer lan egiten du elkarte honek? Zer eskaintzen du?...). Horrez gain, hainbat arlotan itzultzaileen lana nolakoa den bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izango dugu.

Lan horretan Iñigo Errasti eta Itziar Otegi arituko dira, biak ala biak esperientzia handiko itzultzaileak, eta nola ez, EIZIEko kideak.


Iñigo Errastik kontatuko dizkigu EIZIEren inguruko kontuak, eta administrazio arloan itzultzaileek nola lan egiten duten ere azalduko du. Dena den, hari buruzko web-bilaketatxo bat eginda jakin dut literatura itzultzen ere aritu dela; izan ere, 2006an Jokin Zaitegi saria irabazi zuen, eta horrek H. Pinterren bost antzezlan itzultzeko aukera eman zion. Lan hori abiapuntu hartuta, antzezlanak itzultzeari buruzko artikulu benetan interesgarria argitaratu zuen EIZIEko webgunean.

Gero, Itziar Otegiren txanda izango da; itzultzaile eta interprete autonomo izan da hainbat urtez, eta lan egiteko modu horri buruz hitz egingo digu (oso interesgarria autonomo hastearen ideia buruan bueltaka dugunontzat!). Horrez gain, nazioarteko erakunde batean ere aritu da lanean, eta han bizitakoak entzuteko aukera izango dugu. Iñigo bezalaxe, Itziar ere aritu izan da literatura itzultzen eta hausnarketa sakona egin du horren inguruan. Gehiago jakiteko gogoz gelditu bazarete, eman begiratu bat Sautrela saioko erreportaje honi, edo irakurri alderantzizko itzulpenari buruzko artikulu hau.

Eta hori gutxi balitz, Itzulinguruka blogekook ere aukera izango dugu hitzaldian parte hartzeko. Unibertsitatetik atera eta gero zer aurkitu dugun kontatuko dugu: aukerak eta oztopoak, zalantzak eta erabakiak; espero dut animoak transmititzeko eta ideiaz labur dabiltzanei bonbillatxoa pizteko balioko duela bertan esandako guztiak!

A! Bide batez, mila esker Uxue Pecharroman eta Kristian Roncerori guzti-guztia gaztelaniara interpretatzeagatik!

No hay comentarios:

Publicar un comentario