2012/03/15

Ready, steady... GO!!

Abian da Itzulinguruka! Ongi etorri!
Itzulpengintza eta interpretazioari buruzko bloga duzu hau eta, izenak dioen bezalaxe, gure lanbidearekin zerikusia duten kontuen inguruan arituko gara gora eta behera.

Aspaldi hasi ginen ideia honekin bueltaka. Asko dira orokorrean itzulpengintza, interpretazioa, lokalizazioa, hizkuntzak, literatura, filologia eta abarrei buruzko blogak; horietako asko, benetan interesgarriak. Baina euskaraz eta euskal itzultzaile eta interpreteentzako horrelako gehiagoren falta ikusten genuen nolabait. Beraz, proposamena egin, taldetxo bat elkartu eta horrela sortu zen Itzulinguruka.

Izan ere, dagoeneko konturatuko zinenez, Itzulinguruka ez da pertsona bakar bat; Uxoa, Teresa, Mikel, Maria, Gema eta Anek osatzen dugu. Gasteizen itzulpengintza eta interpretazioa ikasi dugu denok, horixe da gure puntu komuna; adin, jaioterri eta bizileku ezberdinetakoak gara; gure hizkuntza konbinazioak, lana eta gustuak ere desberdinak dira.

Baina horixe da, hain zuzen ere, taldea eta esparru honetan kontatzera gatozena aberasten duena. Askotariko informazio, gai, ikuspegi, berri, kontu eta istorioak topatuko dituzu hemen, gehientsuenak itzulpen eta interpretazio munduarekin lotutakoak, baina eremu zabalagoa ere hartuko dugu noiz edo noiz.
Beraz, hauxe da Itzulinguruka. Zure gustukoa izatea espero dugu eta, gehiago ezagutu nahi bagaituzu, irakurri, jarraitu eta partekatu!

No hay comentarios:

Publicar un comentario