Euskal interpretazioari buruz edo
interpretazioari buruz euskaraz hitz egiten duten testuak EIZIEren webgunean
aurkitu ditzakezue gehienbat (jatorriz euskaraz idatziak edo itzulpenak). Bilaketa
azkar bat egin dut “interpretazioa” hitza webgunean bilatuta, eta hiru aukeratu ditut, niri interesgarrien iruditu
zaizkidanak. Noski, interesa edukiz gero, beste hainbat artikulu zain dituzue www.eizie.org webgunean, ez duzue nik hemen jarri
ez izanaren aitzakia erabiltzerik.
Eusko Legebiltzarrean interprete
gisa lan egitera nola heldu zen azaltzen digu Mikelek, interpretazioaren
esparruan inongo trebakuntzarik gabe. Praktikarekin (ere) ikasten dela diosku artikulu
honetan; esperantza apur bat emateko moduko mezua, inondik ere, interprete
lanbidea hain urruti eta lortezin ikusten dugunontzat.
Aurreko artikuluak konferentzia interpretazioaz
dihardu; artikulu honek, berriz,
interpretazio sozialaz. Honela definitzen du Erikak interpretazio soziala
testuan: interpretazio soziala gizakiak
bere buruarentzako soilik diharduenean ematen da eta ez bere lurralde, gobernu,
enpresa edo taldearen alde ari denean.
Azken artikulu hau berezi samarra
da. Gai nagusia ez da interpretazioa bera, bertsoen itzulpen/interpretazioa
baizik. Hala ere, bada pasarte bat bukaera aldera 2005eko Euskal Herriko
Bertsolari Txapelketaren gaia jorratzen duena. Bazenekiten aldibereko
interpretazioa egin zutela bertsoak gazteleraz eta ingelesez emateko? Nik
onartu dut dagoeneko nire ezjakintasuna, eta zuek ere lotsarazi bazaituztet,
emaiozue irakurri bat!
Eta jakin badakidanez bideoak ere
asko eskertzen ditugula, nik ezagutzen ditudanak partekatu nahiko nituzke
hemen, eta guztiak San Youtube-ri esker, noski. Gomendatzen dizuedan lehena, A word in your
ear kanala. Bartzelonako Interpreteen Elkarteko (AIB) kide
batek bideo bilduma polit eta zabala eskaintzen digu bertan; formazioaren
inguruko aholkuak entzun eta benetako interpreteek nola lan egiten duten ikus daiteke,
besteak beste. Aipatu beharra dago, gainera, euskarari bereziki erreparatzen
dioten bideoak ere badirela: Jaione
Arregi interpreteari egindako elkarrizketa, eta Izaskun
Bilbao Europako legebiltzarkideari egindakoa. DG
Interpretation’s Channel (SCIC) da gomendatzen dizuedan bigarrena.
Europako Batzordeko interpretazio zerbitzutik igotako bideoak dira, erakunde
horretako lanari buruz gehienbat, eta hainbat hizkuntzatan, gainera.
Baina Youtube-tik kanpo ere bada
bideo interesgarririk, adibidez, ETBko Sut&Blai saioan orain dela hiru bat
urte egin zuten erreportajearena.
Gasteizko Letren Fakultatean bertan egin zuten, eta Lurdes Auzmendi eta Idoia
Noble adituen iritzia entzun daiteke, baita Amaia ikaslearena ere.
Bestalde, gauza jakina da itzulpengintza
eta interpretazioari buruzko blogek nabarmen egin dutela gora azken urteotan.
Interpretazioaz hitz egiten dutenak eta nik jarraitzen ditudanak, hauek: Bootheando (gaztelaniaz), denontzat ezaguna,
beste hainbat blog eta baliabidetara estekak eskaintzen dizkigu, gainera; The Interpreter Diaries
(ingelesez), La Lagunako Unibertsitatean Konferentzia Interpretazioko
masterrean irakasle den Michelle Hof-ek idazten ditu bertako sarrerak, ikasle (izango)
direnentzat zuzendua, gehienbat; Aventuras
de una traductora-intérprete en Madrid (gaztelaniaz),
Madrilgo merkatu pribatuan diharduen interprete baten ikuspegia ezagutu ahalko
duzu blog honetan; esango nuke, gainera, azken hori dela bloga sarrien
eguneratzen duena.
Halaber, irratian ere badugu
interpretazioaz zer entzun, Salamancako Unibertsitateko ikasleei esker. Don de lenguas da
saioaren izena, eta betiere oso gonbidatu interesgarriak izaten dituzte.
Itzulpengintzaz ere jarduten dute sarri, eta ez dago saioak zuzenean entzun
beharrik, gerora ere podcast moduan gordeta gelditzen dira webgunean. Oraingoan
ere nire gogokoenak ekarriko ditut hona, hiru elkarrizketa, Europako Batzordeko
hiru interpreteri: Carmen
von Styp, Guiomar
Garmendia eta Manuel
Valdivia .
Azkenik, duela ez asko aurkitu nuen Live ETI webgunea erakutsi nahi nizuen. Genevako Unibertsitateko
webgunearen atal bat da Live ETI, baina, guztiz zer den ulertzeko, jakin
beharra dago Genevako Unibertsitateak EMCI delakoa (European
Masters in Conference Interpreting) eskaintzen duela. Europako Batasuneko
herrialde bakoitzean unibertsitate batek eskaintzen du EMCI masterra, eta
lantzean behin bideo-konferentziak egiteko bat egiten dute unibertsitateek eta
Europako Batasuneko interpreteek. Eskola birtual horietan interprete
profesionalek ikasleen interpretazioak ebaluatu eta hobetzeko aholkuak ematen
dizkiete. Bideo horiexek dira Live ETI webgunean ikus daitezkeenak, hainbat
hizkuntzatan eta gai askori buruzkoak. Webgunea bera, ordea, frantses hutsean
dago.
Zer deritzozue? Atentzioa eman
dizuen ezer bada? Besterik ezagutzen duzue zuek? Animatu eta eman zuen iritzia
komentarioen atalean, bildurripe!
No hay comentarios:
Publicar un comentario