2012/03/20

Found in Translation


 Berlineko kaleak eta tren estazioak iragarki koloretsuz josita daude urtarriletik: Found in Translation. Gertutik begiratuta, izenburuaren azpiko iruditxoak Tintinen komikietako binetak direla ikus daiteke, eta azpian “Deutsche Guggenheim” dagoela idatzita. Kartela lehen aldiz ikusi nuenean, ez nion izenburuari erreparatu, eta Hergé-ren komikiei buruzko erakusketaren baten iragarkia izango zela pentsatu nuen. Informazio pixka bat bilatu ostean, ordea, konturatu nintzen erakusketa itzulpengintzaren ingurukoa zela. Interesgarria iruditu zitzaidanez, pentsatu dut zuetako batzuei ere gustatuko zitzaizuela itzulpengintza museo batean nola irudikatu duten jakitea.



Bederatzi artistaren lanak daude ikusgai Guggenheimeko bi erakusgeletan. Guztien abiapuntua itzulpengintza izan bada ere, irudimenak toki desberdinetara eraman ditu artistak. Luzeegi joko luke lan bakoitzari buruz hitz egiteak; beraz, saia nadin horietako batzuk ahalik eta laburren azaltzen.

Dante/Calvino (2004).
Alejandro Cesarcok Dante Alighieriren Inferno poemaren hamar itzulpen bildu ditu; zaharrena 18. mendearen hasierakoa, eta berriena gaur egungoa. Bakoitzari Italo Calvinoren Se una notte d’inverno un viaggiatore liburuko kapitulu baten izenburua gehitu dio, eta itzulpenak bata bestearen ondoan jarri ditu. Harrigarria da zein desberdinak diren denak: batzuk prosan idatzita daude, pare batek jatorrizko lerroak errespetatzen ditu, eta beste batzuek guztiz aldatzen dute poemaren egitura.

The Land of Black Gold (2004)
The Land of Black Gold lanean, Simon Allenek botere inperiala narratiban nola erabiltzen den aztertu nahi izan du. Horretarako, Tintin urre beltzaren lurraldean komikiaren bi bertsio hartu eta binetak bata bestearen ondoan jarri ditu, bunbuiloetako testuak ezabatuta: lehen bertsioa, 1939-1940an frantsesez argitaratutakoa; eta bigarrena, 1972an ingelesez argitaratutakoa. Frantsesezko kontakizuna Palestinan gertatzen da, eta behin eta berriz agertzen dira tropa britainiarrak istorioan zehar. Ingelesezkoan, aldiz, ez dago Britainia Handiari buruzko erreferentziarik eta kokalekua ere beste bat da: Khemed, fikziozko erresuma bat. Hasierako binetak berdin-berdinak badira ere, erdialdetik aurrera, bi istorioak bata bestetik aldenduz doaz eta, azkenean, ez dute ia zerikusirik.

Foe (2008)
Foe-k, Daniel Defoeren Robinson Crusoe eleberrian oinarritutako alegoriak, hizkuntzaren eta boterearen arteko lotura hartzen du gaitzat. Istorioko pertsonaia nagusia Crusoeren laguna da, Ostiral, mingaina moztuta duen indigena. Erakusketarako, Brendan Fernandes-ek grabaketa bat egin du, eta bera ageri da bertan, Ostiralen esaldiak Keniako, Indiako eta Kanadako azentu tipikoekin irakurtzen –hiru herrialde horietan hazi baita artista–. Filmean zehar, Fernandesek ez du lortzen esaldiak zuzen ahoskatzea, eta kamera atzetik zuzenketak egiten dizkiote behin eta berriz.





Cathay (2010).
Lisa Oppenheim-ek Erza Pound izan du inspirazio-iturri bere lana sortzeko. Dirudienez, Poundek uste zuen karaktere txinatarrak ideiak grafikoki irudikatzen zituzten zeinuak zirela, eta sistema berezi bat sortu zuen poeta txinatarren lanak itzultzeko. Cathay lanean, hitzekin eta irudiekin jolastu du Oppenheimek, eta bi pantaila erabili ditu: eskuinekoan, Pounden itzulpen bat ageri da; ezkerrekoan, berriz, obra beraren itzulpen berriago bat (literalagoa). Hasieran, ezkerreko itzulpena hitz idatzietan agertzen da, eta eskuinekoa New Yorkeko Chinatown-en egindako argazki batzuen bidez irudikatuta. Gerora, ordea, argazkiak eta hitzak nahasten hasten dira eta, azkenean, ezkerreko pantailan agertzen dira irudiak, eta eskuinekoan hitzak.

The World is Yours (But Also Ours) (2008)
O Zhang-en argazki sortan, hainbat nerabe agertzen dira, (itxuraz) ingelesezko esaldiak dituzten kamisetak jantzita. Esaldiak txineraz oso ezagunak diren esaerak dira, antza, baina askok ez dute zentzurik ingelesezko itzulpenean. Lan honen bidez, O Zhangen helburua Txinak Mendebaldeko kulturara hurbiltzeko duen nahia irudikatzea izan da, horrelako kamisetak oso modan baitaude han, nonbait.

Esan bezala, nik lan batzuk baino ez ditut aipatu; hala ere, den-denak dira oso interesgarriak eta, inork interesik badu, informazio gehiago lor dezake www.deutscheguggenheim.de webgunean. Horrez gain, zuetako baten batek izango du akaso Berlinera joateko asmoa/aukera; hala balitz, Guggenheimera bisitatxo bat egitea gomendatuko nizueke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario